2013(e)ko apirilaren 19(a), ostirala

Sarrera



A) GAIAREN KOKAPENA
Telebistan, gaur egun, hainbat iragarki aurki ditzakegu Lactobacillusa edo Bifidobakterioa daramaten jogurtek heste-flora eta hesteetako trantsituan laguntzen dutela baieztatzen dutenak. Horren adibide Activia jogurtak dira. Bere iragarkietatik horrelako esaldiak atera daitezke: Activiak ongizate digestiboa hobetzen du puztuta egotearen sentsazioa murriztuz edota Askatu zaitez esloganarekin abesti bat eginez. Har ezazu Bifidus Actiregularis duen Activia jogurta 14 egunetan zehar eta aldaketa nabarituko duzu edo  Activiak soilik dauka actiregularis hartzigarria, trantsitua erregulatzen laguntzen duena. Beste batzuetan, berriz, Activia jogurtak guztiontzat onak direla baieztatzen dute honelako esaldiekin: Activia denontzat da ona  edo Activia hartzea ohitura osasungarria da. Horregatik da ona familia osoarentzat. Beste herrialde batzuetan , noski, produktu bera ere aurkezten da. Laburbilduz, guztiek diote gauza bera (1, 2, 3):
  • Jogurtaren efektuak 14 egunetan sentitzen dira
  • Activia ona da guztiontzat
  • Activiak Bifidus Regularisa dauka eta horrek laguntzen du hesteetako trantsituaren erregulazioan
  • Ez zara puztuta sentituko
Aldaketa guzti hauek, beraz, jogurretan (eta esnean ere) dauden bakterio zehatz batzuen ondoriozkoak dira. Baina, horietan zentratu baino lehen bakterioei buruzko zenbait gauza jakitea beharrezkoak dira.

B)  BAKTERIOAK
a)   Bakterioen datu orokorrak
Bakterioak organismo prokariotoak dira, nukleogabeko zelulabakarrez osatutako izakiak. Zelula prokariotoak oso sinpleak dira. Ez dute nukleo zehazturik ezta mintzez inguraturiko organulurik. Bere material genetikoa ADN aske, borobila eta bakarra da eta ez dago kromosomarik. Zitoplasman erribosomak dituzte, proteinak sintetizatzen dituztenak. Kanpoaldean flageloak eta finbriak dituzte, zelula finkatu eta mugitzen laguntzeko. Baina, haien sinpletasuna ez da oztopo lurreko leku guztiak kolonizatu eta bertako organismo ugarienak baitira kopuruari dagokionez. Gainera, ezinbestekoak dira lurrean bizi diren organismo eukariotoen  iraupenerako. Izan ere, hain sinpleak izanda ere, gainontzeko gizaki, landare, animali eta abarrek ezingo lirateke horiek gabe bizi. (4)

b) Bakterioen aurkikuntza
Anton Van Leewenhoe zientzialari herbeheretarrak aurkitu zituen lehenbiziko bakterioak 1683an. Berak asmatu zuen lehen mikroskopio modernoa eta horri esker deskribatu ahal izan zituen lehen aldiz bakterioak. (4)

Baina, bakterioez hitz egiten ari garela beti etortzen zaigu Pasteur burura, bera izan baitzen mikrobiologiaren aita.

Louis Pasteur kimiko eta bakteriologo frantsesa izan zen, 1822an jaio zen eta 1895ean hildakoa. Bere bizitzan zehar Pasteurrek postu garrantzitsu ugari bete zituen Unibertsitate eta Instituzio desberdinetan. Baina, batez ere, zientzian egindako ekarpenengatik da ezaguna.

Pasteurrek, beste gauza askoren artean, Pasteurizazioa asmatu zuen. Horrek, beroaren bidez mikrobioak hiltzean zetzan elikagaietan bigarren efekturik izan gabe. Gainera, frogatu zuen ez zegoela berezko bizitzarik eta mikroorganismoak airetik zetozela. (5)


c)   Bakterioen jatorria
Garai hartan, oraindik ez zekiten bakterioei buruzko gehiegirik. Gaur egun, ordea, euren jatorriari buruzko datu batzuk ditugu.

Ez dago guztiz argi zein den bakterioen jatorria, baina zientzialari askoren ustetan, orain dela 3000 milioi urte arkeobakterio eta eubakterioen arbaso komuna bizi zen (termofilo anaerobio bat), lurreko garai hartako baldintza bortitzetara moldatua zegoena. Horietatik sortu ziren duela 2500 milioi urte Eubakteria eta Arkeobakterioak. Azkenik, duela 1500 milioi urte gaur egun ezagutzen ditugun Eubakterioak sortu ziren, eubakterioetan jatorria zutenak.

Beraz, askok diote pro-eukarioto (eukariotoen arbasoa) eta eubakterio baten arteko harreman sinbiontikoaren ondorioz sortu zirela gaur egungo bakterioak. (4)

d)   Bakterioen kokalekua
Bakterioak dira lurrean dauden organismorik ugarienak. Edonon aurki daitezke, bai lurzoruan, uretan, airean eta baita beste izaki bizidun batzuen barruan ere.

Bakterioen ezaugarri berezienetako bat gainontzeko izaki bizidunak jasan ezin ditzaketen inguruetara egokitu daitezkeela da. Habitat latzenetan ere bizi daitezke. Adibidez: 0ºC-tik beherako tenperaturak edota 100ºC-tik gorakoak jasan ditzakete eta itsasoan 5000 metrotik behera bizi daitezke, izugarrizko presiopean. PH=1eko habitat azidoei eutsi eta urik gabeko tokietan ere bizi daitezke. (4)

e)   Bakterioen bizi - funtzioak
                                         i.    Ugalketa funtzioak
Bakterioak ugalketa asexualez (erdibiketa eta zatiketa bakuna) ugaltzen dira. ADNa bikoiztu egiten da eta zelula trenkada baten bitartez sortzen diren bi indibiduo berri bakoitzera doa kopia bakoitza. Baina badaude sexualitate-era oso primitiboak diren material genetikoaren truke motak ere, goi mailako izakietan egoten dena. Parasexualitate mota horiek hauexek dira:
·         Konjugazioa: Pili edo ile zuntz baten bitartez sortutako elkarte zubi baten bidez ematen dio batak besteari material genetikoa.
·         Transdukzioa: Birus bakteriofago baten bitartez egiten da. Honek, aurretik beste bakterio batek infektatua, ugaltzerakoan bere barnean darama bakterio horren materia genetikoaren zati bat eta beste batean sartzen du hori infektatzean.
·         Transformazioa: Bakterio batek ingurunetik zuzenenan hartzen du ADNa. (25)

                                        ii.    Nutrizio funtzioak
Nutrizio autotrofoa, kimiosintetikoa nahiz fotosintetikoa eta nutrizio heterotrofoa daude. Azken hau, era desberdinetan egiten dituzte; parasitoak (gaixotasunak sorrarazten dizkieten beste izaki bizidun batzuen materia organiko erabiltzen dute), saprofitoak (deskonposatzen duten materia organiko hila erabiltzen dute) eta sinbionteak (elkarri on egiten diete). (25)

                                       iii.    Erlazio funtzioak
Kinadak hartzeko gai dira flageloen mugimendu zein endosporen bitartez. (25)

f)    Bakterioen sailkapena
Bakterio mota asko daude, eta horregatik taldeetan banatzen dira, antolatuak izateko. Hauek sailkatzeko modu bat baino gehiago daude: itxuraren arabera, oxigeno beharraren arabera edota ekologiaren arabera.

i.             Itxuraren arabera
Bakteioak, egituraren arabera, lau motatan sailka genitzake. Alde batetik, baziloak (luzangak) aurki ditzakegu. Bestetik, kokoak (borobilak), espiriloak (kiribilak) eta bibrioak (kakotx itxurakoak) daude. Itxura eta gram positiboak edo negatiboak diren kontuan hartuta sailkapen hau egin genezake:
·         Koko Gram positiboak: Enterococcus, Staphylococcus, Streptococcus, Micrococcus, Leuconostoc.

·         Bazilo Gram positiboak: Bacillus, Clostridium, Corynebacterium, Listeria, Lactobacillus, Bifidobacterium. Azken bi hauek dira guri interesatzen zaizkigunak praktikak burutzeko.

·        Koko Gram negatiboak: Moraxella, Neisseria.

·        Bazilo Gram negatibo aerobioak: Bordetella, Brucella, Legionella, Pseudomonas.



·        Bazilo Gram negatibo anaerobio fakultatiboak: Escherichia, Citrobacter, Enterobacter, Klebsiella, Proteus, Salmonella, Shigella, Serratia, Yersinia, Vibrio.

·        Gram negatibo anaerobioak: Bacteroides, Fusobacterium.

·        Espiroketak: Borrelia, Leptospira, Treponema.

·        Mikobakterioak: Mycobacterium.


ii.            Oxigeno beharraren arabera:
Bakterio guztiek ez dute oxigenorik behar bizi eta euren papera betetzeko. Horregatik, bakterio aerobioak (bizitzeko oxigenoa behar dutenak) eta anaerobioak (oxigeno beharrik ez dutenak) aurki ditzakegu. Azken talde honen barruan badaude O2 presentzia jasan ezin dutenak (anaerobio hertsiak) eta tolerantzia dutenak (anaerobio fakultatiboak). (29)

iii.           Betetzen duten paper ekologikoaren arabera
Honen arabera, onuragarriak edo patogenoak izan daitezke bakterioak. Espezie gehienak, bizitza librekoak dira, baina beste batzuk organismoen gainean bizi dira, haientzat patogeno bihurtuz. Hori parasitoek toxinak sortu eta bildukiek erreakzio inmunologikoak sortzen dituztelako gertatzen da. Hala ere, bakterio asko onuragarriak dira zenbait arrazoirengatik. Horietako bat ekosistemetan duten eginkizunagatik da: eraldatzaileek materia organikoa eraldatuz laguntzen dute; deskonposatzaileek, hondar organikoak substantzia inorganikoetan deskonposatzen berriro erabiliak izan daitezen; eta, ekoizleek, materia organikoa sortu eta oxigenoa askatuz egiten dute lan. Gainera, organismo sinbionte gisa ere funtzionatzen dute. Hauek belarjaleek izaten dira eta eurek deskonposa ezin ditzaketen substantziak (zelulosa edo lignina esaterako) liseritzen dituzte hestean. Azkenik, modu naturalean egiten diren substantzien ekoizletzat ere jardun dezakete. Gizakiak bere onerako erabiltzen dituenak dira horiek (hartziduran sortzen direnak adibidez). (30)

C)  AZIDO LAKTIKOAREN BAKTERIOAK
Azido laktikoaren bakterioak organismo mugiezinak dira, forma baziliko edo esferikokoak. Lactobacillus eta Streptococcus generoek osatzen dute talde hau. Bakterio hauek karbohidrato hartziduraren bidez ATPa sintetizatzen dute eta produktu legez azido laktikoa ematen dute. Hortk dator, hain zuzen, bere izena.

Guztiak dira anaerobio fakultatiboak eta airearekin kontaktuan dauden gainazal solidoetan hazten dira errazen. Katalasa negatiboak dira eta proba hori bakterio mota hauek identifikatzeko oso egokia da. Izan ere, hauek dira katalasa egon ez arren hazi daitezkeen bakarrak.

Sintetizatzeko kapazitate oso txikia daukate eta horregatik sortzen diren koloniak txikiak izaten dira. Nutrizio oso konplexua behar dute eta hori dela eta ateratzen dute peptona, txantadura edo beste animalia eta landare material hidrolizatzaileak dituzten inguruetan hazten direnak. Hauei, hartzitu daitezkeen karbohidratoak gehitu behar zaizkie, energia izan dezaten.

Azido laktikoaren bakterioak oso txikiak (milimetro gutxi batzuetako diametroa dute) eta igeltsu txuri kolorekoak dira.

Espezie batzuek kolonia handiak sortu ditzakete, sakarosa duten hazkuntza ingurunetan haztekotan. Ondorioz, polisakaridoen sintesia masiboki izango da.

Bakterio gehienak pH=6 baino gutxiagoko ingurunetan ezin daitezke bizi. Azido laktikoaren bakterioak, ordea, hazten jarraitzen dute glukosa, laktosa edo beste monosakaridoen hartziduraren bidez pH-a 5 edo gutxiagora jaitsiz. Hauek, ingurune azidoetara egokitzeko kapazitatea dute, eta, ondorioz, inguruan dauden beste bakterio batzuk hiltzeko aukera ematen du, normalean patogenoak direnak. Azido laktikoaren bakterioek duten aktibitate metabolikoak sortzen duen azido laktikoak egiten du horiek hiltzea. (11, 30)

Euren espezializazio fisiologikoaren ondorioz zenbait ingurune natural berezietara mugatuta daude. Batzuk landareen kontura bizi dira, haiek hil eta deskonposatzean askatzen dituzten nutrienteez elikatzen baitira. Landareen materialetatik prestatutako elikagai eta edarietan ere badaude. Batzuetan, hasieratik zeuden azukreen hartzidura gertatzen da. Hartzitutako edarietan, berriz, azido laktikoaren bakterioak hondatze agenteak dira, batzuetan hazi eta nahi ez dugun azidotasuna sortzen dutenak. Beste askok gorputzeko flora osatzen dute. Asko daude nasofaringean, baginan eta hesteetan. Beste ohiko habitata esnea da, bai behi edo landare materialen bidez ailegatzen direnak bertara.

Azido laktikoen karbohidratoen hartziduraren inguruan esan genezake 1920a inguru, S.Orla Jensenek azido laktikoko bakterioen sailkapen bat egin zuela. Alde batetik, homohartzidurazkoak daude, glukosa azido laktikoan bihurtzen dutenak. Bestetik, ordea, heterohartzidurazkoak, azido laktikoa etanol eta karbono dioxidoan bihurtzen dutenak glukosa. Bakoitza zein den jakiteko karbono dioxido produkzioa detektatu baino ez da egin behar. Bigarren hauek prestaketa berezi bat behar dute: azukre askoko hazkuntzan hazi eta tapoi batekin itxi behar dira, sortutako karbono dioxidoa harrapatzeko. Hartzidura prozesu honek izugarrizko garrantzia dauka industri-prozesu, gaztagintza eta jogurtgintzan, besteak beste.(27, 30)


D)  LACTOBACILLUSA
a)   Lactobacillusen datu orokorrak
Lactobacillus generoa, Döderlein's bacillus ere deitua, gure organismorako onuragarria diren (heste florako birsorkuntzan laguntzen du) azido laktikoaren bakterioak dira. Hauek ez dira mugitzen, filamentuetan biltzen dira eta ez dute esporarik sortzen. Lactobacillus mota mordoa daude. (6, 7, 8)

Janari eskakizun zorrotzak dituztenez, hazkuntza-inguru aberatsak erabiltzen dira laborategian hazteko. Horien artean MRS agarra.

Gainera, esan beharra dago lactobacillus askok haien genoma deszifratuta dutela jada.


b) Lactobacillusen ezaugarriak
Honako ezaugarri biokimikoak dituzte Lactobacillusek:
  • Anaerobio fakultatiboak: Mota honetako organismoek ATPa sortzen dute arnasketa aerobikoaren bidez oxigenoa ageri bada, baina hartziduraren bidez ere garatu daitezke oxigeno presentzia eza dagoenean. (9, 10)
  • Gram positiboa: honek esan nahi du bere zelula horma nahiko lodia dela, eta, beraz, Gram tindaketa egitean, tindatzailea erraztasun handiagoz atxikituko zaiola.
  • Katalasa (-): ur oxigenatuaren presentziarekin burbuilak agertzen dira, bakterio anaerobioak direlakoaren seinale.
  • Oxidasa (-): ez da kolore urdina aterako, zitokromorik ez duelaren seinale.
  • Glukosaren hartzidura eragiten dute: Honen ondorioz, azido laktikoa sortzen da eta, beraz, lactobacillusek ingurunearen pH-a jaisten dute, ingurune azidoa sortuz. Bakterio genero hauek oso erresistenteak dira pH azidoarekiko. Hori dela eta, gai dira pH-a oso baxua izanda ere (adibidez: jogurtean) bizirauteko. Prozesu horri hartzidura laktikoa deritzo.
  • Askok ez dute burdinaren beharrik bizi ahal izateko (hori egin dezaketen izaki bakarrak dira).
  • Hidroxido peroxido kontzentrazio altuak onar ditzakete. (6, 7, 8)

c)   Lactobacillusen bizilekua
Lactobacillus batzuk saprofitoak dira eta beste batzuk komentsalak. Azken hauek giza organismoetan aurkitu daitezke (ahoan, hesteetan, gernu sisteman edo baginan) eta ez dute inolako kalterik eragiten, gehienak ez baitira patogenoak, onuragarriak baizik eta askotan ezinbestekoak ere. Hortzetan, ordea, txantxarrak eragin eta garatzearekin izan dira lotuak, batzuk txarrak direlakoaren froga. Gizakiez gain, animali gorputzetan ere aurkitu daitezke. (6, 7, 8)
d)   Lactobacillusen erabilera industriala
Esnekien industrian Lactobacillus espeziea erabiltzen da jogurta eta hartzituriko beste produktu batzuen hazkuntzan. Lactobacillus helveticus, Lactobacillus bulgaricus, Lactobacillus casei eta Lactobacillus acidophilus dira bakterio erabilienak. Jogurtari dagokionez, bere heltze prozesuan Streptococcus thermophilus eta Lactobacillus bulgaricus mikrobioek hartzen dute parte. Askotan, azken honen ordez Lactobacillus casei erabiltzen da.
Horrez gain, edateko jogurt askok osagarri dietetiko bezala erabiltzen dute.
Baina ez esnekietan bakarrik, lactobacillusek, orokorrean, hainbat elikagairen produkzioan erabiltzen dira: chucrut, ozpinetako luzzokerra, ardoa, garagardoa, sagardoa, kimchi, kakaoa eta fermentaturiko beste zenbait elikagai. Horrez gain, animali elikagaien produkzioan ere erabiltzen dira. Garagardoan, adibidez, L.casei eta L.brevis dira gehien erabiltzen direnak eta hauek pHa jaisten dute azido laktikoa sortu eta neutralizatzeko. (8)
e)   Probiotikoak eta bioterapeutikoak

Lactobacillus, Stresptococuss espezie batzuk eta beste bakterio batzuek azido laktiko propietate terapeutikoak dituzte. Hala nola, inflamazioen aurkakoa edota minbiziaren aurkakoa. 2009an Beth Israel Deaconess Medical Centerek eta UCLA ak egindako ikerketa batean frogatu zen, hain zuzen, Lactobacillus mota batzuek tumore eta minbiziaren aurkako efektuak zituztela. Dietaren bidezko administrazioak minbizia edukitzeko arriskua gutxitu eta tumoreak edukitzeko aukera, euren bolumena eta anizkoiztasun aukera ezabatzen zituen saguetan. Praktiketan ikusi zen ADN abduktorearen sorkuntza jaitsi zela, ADNa hobetu eta minbizi-sortzaile kimikoek hesteetan sortzen dituzten lesioetarako prestatzen zuen. (4)

Lactobacillusa baginako ekosistema bezalako oreka psikologikoa konpontzeko ere erabili daiteke. Beren funtzioa hemen baginaren epitelioa fisikoki babestea da patogenoen aurkako pareta sortuz eta horrela psikologikoki baginaren ekosistemaren oreka mantenduz, pHa 4,5 delarik, eta patogenoen aurkako hidrogeno peroxidoa sortuz. Lactobacillusa pH baxuetara egokitzen denez, baginako ekosistema gram-negatiboak edo gram-positiboak diren bakterioetatik babestu dezake. (4)
f)    Lactobacillusa medikuntzan

Lactobacillusa idorreria tratatu eta saihesteko erabiltzen da, baita bidaiarien idorreria edo umeen idorreria, larriagoak direnak eta infekzioa handiagoa zor ditzaketenak. Antibiotikoekin loturiko idorreria saihestu eta tratatzeko ere erabiltzen da.

Pertsona batzuek lactobacillusa digestio arazo orokorretarako erabiltzen dute: Crohnen gaixotasuna, kolikoak umeetan, Bowelen syndrome narritagarria (IBS) eta nectotizing enterocolitikoa (NEC) behar baino lehen jaiotako umeetan.

Horrez gain, Helicobacter pylori bakterioak, ultzerak sortzen dituena, sortutako infekzioen aurka erabiltzen da eta baita gernu sistemako edo baginako infekzioen aurka, gripea nagusietan saihesteko eta umeetan, arnasketa arazoak saihesteko. Lactobacillusa azaleko arazoen aurka ere erabiltzen da, akne edo sukar baba hobetzeko besteak beste. (28)

Kolesterol altua, laktosa intolerantzia, Lymeren gaixotasuna, Hives eta sistema inmunologikoa estimulatzeko erabiltzen da baita ere.

Emakumeek batzuetan bagina infekzioak eta gernu sistemako infekzioak (UTIs) tratatzeko erabiltzen dute.

Honen guztiaren inguruan ikerketak egin dira, benetan efektiboak diren edo ez frogatzeko. Natural Medicines Comprenhensive Databasesen arabera, birusek umeengan sortzen duten  diarrearen aurka oso posiblea da efektiboa izatea, baina ez da gauza bera gertatzen nagusien diarrean edota beste arrazoi batzuengatik sortutakoetan, hauek batzuetan bakarrik sendatzen baitira. Gauza bera gertatzen da umeen kolikoetan, bowelen infekzioan  edota biriki infekzioetan.

Badaude beste hainbat infekzio non oraindik ez diren lactobacillusen efektuak frogatu. (28)

E)   BIFIDUSA
a)   Bifidusen datu orokorrak
Bifidobacterium anaerobioak eta mugiezinak diren bakterio genero bat da. Bifidusa propietate dietetikoak dituen baziloa da eta umetan ditugun horiek gure gorputza hasi eta garatzen den heinean galtzen dira.

Bifidusa esnekiekin erlazionatua izan da beti. Baina, garrantzitsua da jakitea, duela gutxi modan jarri den arren, betidanik existitu izan den bakterioa dela, oraintsu bere onurak aurkitu direnak. (13)

Bifidusak, nagusiki esnekietan aurki ditzakegu. Izan ere, produktu horien hartziduran sortzen baitira. Gazta eta jogurta dira bifidus gehien dituzten esnekiak. Gaur egun, elikagai eta marka askok gehitzen dizkiete bifidusak euren produktuei ekartzen omen duten onurarengatik.

b)   Bifidusen ezaugarriak
Bifidusak gure hesteetako osasunerako onak dira. Oraindik jaio berritan, amaren bularretik esnea hartzen dugunean, gure organismoek bifidus kontzentrazio handia daukate. Baina, nagusiak egiten goazen heinean horiek galtzen goaz eta horregatik bifidusa duten elikagaiak hartzea komenigarria da.

Bifidusaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa hesteetako funtzionamendua eta osasun egokia mantentzea da. Gorputzeko atal honetan hartzen ditugun elikagaiak prozesatu eta asimilatzen dira, beraz, bakterio txarrek organismo osoan kalteak eragin lituzkete. Eta, horretan lagunduko digute bifidusek hain zuzen, larrialdietan bakterio patogenoen aurka borrokan. (13)

Beste alde batetik, hesteetako floraren mantenimenduaz arduratzen dira. Horiek nutrienteen asimilazio hobea ekarriko dute eta baita hondakinen ezabaketa, osasuntsu mantentzen. Bitamina eta nutrientean asimilazio egokia izatea eragin eta laktosa digeritzen lagunduko digun entzima ere sortuko du. Horrez gain, beste bakterioetatik (onddo eta birusak) babestuko gaituen substantzia antibakterianikoak isurtzen ditu. Elikadura txarrak eragindako zenbait erreakzioen aurka ere lagun diezaguke. Eta baita digestio aparatuaren transtornoak edota gaixotasun kronikoak ekiditu. (13)

Bifidus gabeziak ondoez orokorra ekarriko digula esana da eta neke, digestio txar eta gaixotasun birikoak hartzeko erraztasuna ere. Hala nola: gripea. Horregatik ezinbestekoa da bakterio hau duten elikagaiak hartzea gure heste flora hobetu, aberastu eta osasuna mantentzeko. (13)

c)   Bifidoen aldaketa gizakiaren garapenarekin
Amaren bularretik esnea hartzen duten umeek naturalki dituzte bifidobakterioak euren gorputzetan . Umetan, hesteak esterilak daude eta ez dute bakterio hauen laguntzarik. Amaren esneak, orduan, haien garapena eragiten du beren gorputza agente patogenoena aurka inmunizatuz.

Adinarekin, ordea, lactobacillusen presentzia gorputzean askoz urriagoa da hesteetako konposizio aldaketengatik eta horrela birus, bakterio eta onddoen hazkuntza erraztuz. Horrek gaixotasunak ekar ditzake eta horregatik diote ezinbestekoa dela Bifidus aktiboa hartzea gehigarri modura.


d)   Bifidoen sailkapena
Lau motatako bifidobakterioak daude. Alde batetik, B.longum aurki dezakegu. Honek urdailean tumoreak sortzea ekiditzen du eta kolon edota bularretako minbizia agertzea ekiditzen du. Besteik, B.bifidum, B.infantis eta B.breve ditugu. Hiru hauek B bitamina sortzen dute (hori gabe arteriak gogortzeko probabilitateak igo eta arterioesklerosia izango genuke). (13)

Bakterio guzti hauen azterketa ezin dugu begi hutsez egin eta horregatik zenbait teknika behar ditugu lehenik eta behin bakterioak hazi eta gero aztertzeko.

F)  MIKROBIOLOGIAREN TEKNIKAK
Mikroorganismoen tamaina txikiagatik ezinezkoa da indibiduo bakoitza aztertzea eta, hori dela eta, izakiak ez dira banan banan aztertzen baizik eta populazioak (koloniak) hazkuntza ingurune jakin batean. Ingurune honetan indibiduo mota bakarra hazten bada hazkuntza ingurune purua deritzo eta, aldiz, mota asko hazten badira, mistoa.
Beraz, esan genezake bi teknika nagusi bereizten direla mikrobiologian. Alde batetik, isolamendua dago (mikroorganismo bat ingurunetik hartu eta besteetatik baztertzea ondoren bere hazkuntza egiteko) eta bestetik, ondoren etorriko litzatekeen mikroorganismoaren garapena, laborategi baten baldintzapean. Azken urteotan, gainera, izakiez gain animali eta landare ehunekin lan egiten ere hasi da. (31)
a)   Esterilizazioa
Mikroorganismoak non nahi daudela jakina da eta, horregatik, hauen isolamendua egin eta gero hazkuntza ingurunea guztiz estirilizatu eta, azkenik, ereintza egiten da. Esterilizazioa mikroorganismoen hazkuntzan tresnek ezinbestean jaso behar duten tratamendua da non inguruko mikroorganismoak ezabatzen diren. Hori horrela, ingurua antzua deritzogu. Esterilizatzeko zenbait metodo daude:
i.     Metodo fisikoen bidezko esterilizazioa

Beroa da gehien erabiltzen den eragile hilgarria. Hau metodo fisikoa da. Beroak, mikroorganismo gehienetan dauka eragina. Honek, proteinen desnaturalizazioa dakar pareten desordena ekartzeaz gain. Bi bero mota daude: Bero hezea eta bero lehorra. Lehenengo hori autoklabean egiten da. Gehien erabiltzen den metodoa Chamberlandena da. Honen arabera, labean 120ºC tara izan behar da hazkuntza ingurunea 20-30 minutu inguru eta ur lurrunak atmoferakoa baino presio handiagoa eragiten du. Bero lehorrak, aldiz, zelularen lehortzea dakar. Hemen ur lurrunak eragiten du lehortzea eta esterilizatu beharreko objektua labean sartzen da 170ºCko tenperaturan 40 minutuz. Horrez gain, izpi ultramoreak, gamma izpiak eta ionizatzaileka erabiltzea ere posible da esterilizatzeko. (19)
ii.    Metodo kimikoen bidezko esterilizazioa
Hazkuntza inguruneak egiteko erabiltzen diren zenbait substantzia ezegonkorrak dira suaren aurrean eta ezin dira autoklabean sartu. Substantzia hauek metodo kimiko bat beharrezkoa dute. Produktu bat baino gehiago erabili daiteke honetarako: etileno oxidoa, aldehidoak, formaldehidoak, glutaraldehidoak, etab. Erabiliena etileno oxidoa da. Baina, substantzia hau hain da arriskutsua (lehergarria, toxiko eta sukoia da eta minbizia ere eragin dezake) non laborategi praktiketan ez da erabiltzen, bai ordea industrian, Petri plakak edo antzeko produktuak egiterako orduan.
iii.   Iragazpen bidezko esterilizazioa
Metodo hau esterilizazioa behar duten soluzio termolabil eta emultsio oleotsuekin erabiltzen da. Poroak bakterio edo beste zelula batzuk baino txikiagoak dira eta, beraz, mikroorganismo horiek filtroan geratzen dira. Dena dela, soluzioak birusik izanez gero hau ez litzateke filtratuko eta horregatik ez da guztiz fidagarria metodoa. (19)
b)   Hazkuntza puruaren teknikak
Saiodi, matraze eta petri plakak leku aproposak dira bakterioak hazteko, ez baitute leku askorik behar horretarako. Hauek, esterilak izan behar dira eta kanpoko kutsadura posible batetik babestuta egon. Kanpoko kutsadurarik garrantzitsuena atmosfera da, beti mikroorganismoz beteta baitago. Hori ekiditeko zenbait teknika erabiltzen dira. Petri plakek, esaterako, airea, baina ez mikroorganismoak sartzen uzten duen estalki berezia dauka. Horrez gain, matraze eta saiodiak ixteko kotoizko bola bat erabiltzen da, zetazko oihalez lotua. Horren gainean, hala ere, aluminiozko papera ere jarri behar da. Bakterioen manipulazioan gabiltzanean, hazkuntza inguruneak airearekin kontaktuan jarriz, kutsadura gerta daiteke. Horregatik, manipulazio guztiak sutik gertu egin behar dira, eta ontzien zabalguneak su garretatik pasatu. Noski, laborategian erabiltzen ditugun gainontzeko tresnak ere sutik pasatu eta lanerako ingurua garbi eta esterilizatuta ere egon behar da. (32)
Koloniak hazteko mikroorganismoak lortzeko modurik errazena ereitea da. Mota desberdinetakoak daude, baina, azken finean, guztiek dute helburu bera: eremu baterik organismo bat hartu era hazkuntza ingurune batean ezartzea.
Ildo bidezko ereitea da erabiliena. Honen bitartez, aurretik esterilizaturiko ereintza-kirten baten laguntzaz aztertu nahi den tokian ildoak egiten dira, igurtziz baina presio handiegirik egin gabe, agarrean kalterik ez eragiteko.
Beste metodo bat isurketa bidezko ereitea izango litzateke. Honen bidez disoluzioak egiten dira, eta plaketara pasatzean oraindik solido ez dagoenez, mikoorganismoak agarrean hazi daitezke.
Baina, bakterioak anaerobioak izatekotan, gure azido laktikoko bakterioen kasuan bezala, beste metodo bat erabili behar da bakterioak airearen presentziarekin hil egiten baitira. Hori dela eta, disoluzio eta eragile bidezko ereitea erabiltzen dira. Horrela, koloniak agarraren barruan garatzen dira.
Plakan garatzen diren koloniak, hala ere, mota desberdinetakoak izan daitezke eta ezin da edozein hartu. Horregatik, ondo aztertu, interesatzen zaiguna hartu eta beste hazkuntza ingurune batean ildo bidez haziko dugu, hazkuntza ingurune purua lortuz. (18)
c)   Hazkuntza inguruneak
Hazkuntza inguruneak izaki mikroskopikoak garatu eta bizi ahal izateko prestatzen diren ingurune artifizialak dira.Hauek astintze bidez eta ur distilatuan berotuz prestatzen dira.
Hazkuntza inguruneak petri plaka batean botatzen dira normalean mikroorganismoak aztertzeko eta, horregatik, masak ondo disolbatuta eta uniformeki zabalduta egon behar dira.
Disoluzioaren pHa prestatu nahi den hazkuntza ingurunearen araberakoa da. Erabiltzen den uraren kalitatea ere izan behar da kontuan, honek aldaketak eragin baititzake.
Hazkuntza inguruneak egin eta berehala erabiltzea komeni da, baina hau ezinezkoa denez, ingurune esteril batean gorde behar dira. Ingurune bakoitzak denbora desberdin bat iraun dezake egoera onean hau zenbait faktoreren araberakoa baita, ontziaren hermetikotasuna, kontserbazio tenperatura eta ingurugiroaren baldintzak, besteak beste. Baldintza onak izanez gero, ingurunea 4 eta 6 aste bitartean iraun lezake. Ingurune hotzetan gordetzea da komenigarria, baina batzuetan deshidratazioa eragiten duenez askotan hobe da giro tenperaturan gordetzea. Kondentsazioak ekiditea ezinbestekoa da, ur lurruna likido bihurtu eta berriro ingurunera jaitsiz gero alterazioak eragin ditzakeelako.
Hazkuntza inguruneak, erabilitako tresnak bezala, aztertu eta gero autoklabean sartu behar dira berriro ere. (20, 27)
1.    MRS Hazkuntza ingurunea
M.R.S agarra Man, Rogosa eta Sharpek asmatu zuten lactobacillus eta beste azido laktikoaren bakterioak ikusi ahal izateko bai esneki eta beste elikagaietan ere.
Dituen glukosa, manganeso, magnesio, gelatinazko peptonak eta okel erauzkinak bihurtzen dute ingurunea aproposa edozein lactobacillus hazteko. Gainera, agarrarekin dago hori nahastua trinkotasuna eman diezaion. Bestetik, amonio zitratoak Gram negatiboak diren bakteria batzuek garapena inhibitzen du. PHa 6,4+/- 0,2koa da baina, PHa 5,5+-0,1 era azidifikatuz gero esnekietan dauden Lactobacillusak errazago haziko dira, bere gelifikazioa zildutko duen arren.
Prestatzen den disoluzioaren kolorea horia da eta hau mantentzeko 2 eta 8 gradu bitarteko inguruan mantendu behar da. Agarra petri plakan dagoelarik, %5eko anhidrido karbonikoa duen ingurune batean utzi behar da 2-3 egunez 37ºC-tan. Sortzen diren koloniak txikiak izan ohi dira, txuri-gris kolorekoak. (21)

Mikroorganismoak
Hazkuntza
Lactobacillus fermentum
Ona
Lactobacillus gasseri
Ona

2.    Agar nutritiboa
Agar arrunta, salda nutritiboa ere deitua, oso ingurune bakuna da eta bertan edozein mikroorganismo hazi daiteke. Bertan okel funtsa eta gelatina peptona daude agarrarekin nahasturik, mikroorganismoen hazkuntza eragiten dutenak. Bere pHa 6,8+/- 0,2koa da. Hauts fina da, beige kolorekoa eta kolore horretako da gero lortzen den disoluzioa ere. Behin petri plakan daukagula, 37ºC-ko ingurune batean eduki behar da 24-48 orduz. (27)
3.    McConkey hazkuntza ingurunea
McConkey agarra Gram negatiboak bereziki hazten laguntzen duen hazkuntza ingurunea da. Bertan, lactosatik hartzitutakoak eta ez hartzitutakoak bereizten dira. Lehengoak Estreptokoko fekalei esker gorri kolorea hartzen dute, eta txikiak dira. Bigarrenak, ordea, kolonia koloregabeak dira. Agar honek bioleta kristalak ditu, gram positiboak haztea inhibitzen duena.
Bere osagaiak laktosa, peptona, gorri neutroa, gatz biliarrak, sodio kloruroa, bioleta kristala, eta agarra dira. Gorri kolorekoa da pHa 7,1+/- 0,2koa da. Behin eginda dagoela, 2 eta 30ºC arteko ingurunean mantendu behar da. Behin bakterioak hazteko prestatuta dagoenenan, 37ºC-tan mantendu behar da 18-24 orduz. (22)
d)   Bakterioak bereizteko metodoak
Bakterioak bata bestearengandik bereizteko metodo bat baino gehiago daude.
i.             Tindaketa bakuna: Metileno urdinaren tindaketa
Zaila izaten da bakterioak bereiztea, batez ere zelula eta bere inguruaren arteko kontrastea oso nabarmena ez delako. Eta, horretarako erabiltzen dira koloratzaileak. Tindaketa, beraz, mikroorganismoak tindatzean datza, koloratzailea erabiliz. Gero, soberakoa garbitu egiten da.

Tindaketa sinplea, edo metileno urdinaren bidezko tindaketan zelula guztiek xurgatzen dute koloratzailea eta, ondorioz, guztiek kolore bera izango dute.

Metileno urdina (Metiltionina kloruroa) metahemoglobinemia izeneko gaixotasuna tratatzeko erabiltzen den koloratzeilea da. Operaketetan ere erabiltzen da gorputzeko zenbait atal koloreztatzeko.

Metileno urdina kristalak edo hautsak dira, berde ilun kolorekoak eta usaingabea. Soluzioan, aldiz, kolore urdin oso gogorra dauka.

Metilenoak, azken batean, bakterioaren zitoplasman dauden egiturak tindatzen ditu.

ii.            Tindaketa diferentziala: Gram tindaketa
Metodo hau Hans Christian Gram zientzialari daniarrak asmatu eta garatu zuen 1884an. Honen bidez, bakterioak euren forma, kolore, morfologia eta Gram kolorearengatik bereiztu daitezke. Bakterioak gram positiboz edo negatiboz tindatu daitezke.

Gram positiboak (+) pareta oso lodia dute eta polipeptidoglukano kantitate handia izateaz gain (horma zelularraren %90a izatera heldu daiteke geruza bakarra den arren), azido teikoikoak ere badituzte. Espazio periplasmatikoa (mintz plasmatikoa eta geruza bikoitza banatzen dituen zona) txikia da zelula hauetan. Koloratzailea bota ondoren hartzen duten kolorea bioleta eta urdin argiaren artekoa izango da. (28)

Gram negatiboetan, aldiz, horma zenbait geruzek osatutakoa da. Horieta ko bat polipeptidoglukanoz osatuta dago eta hormaren %10a osatzen du. eta hau lipopolisakaridoen bidez kanpoko beste pareta bati dago lotuta. (28)

Metodo honetan zenbait koloratzaile erabiltzen dira. Lehenengo bioleta kristala metanolarekin botatzen zaio laginari, kolorea emateko. Gero, lugola, aurrekoa finkatzeko. Ondoren, alkohol azetona batzuk deskolokatzeko eta, azkenik, sufranina. Orduan, guk deskolokatutakoak ikusiko ditugu soilik arrosaz, gram negatiboak. (23)

iii.           Katalasaren froga
Proba hau katalasa entzima bakterioetan dagoen edo ez ikusteko egiten da. Katalasa bakterio aerobikoek duten entzima da. Frogak hidrogeno peroxidoa ur eta oxigenoan deskonposatzean datza. Horretarako laginari ur oxigenatua bota baino ez da egin behar eta burbuilak ateratzekotan kontrol positiboa izango litzateke. (24)


G)HELBURUA
Lan honek zenbait helburu ditu, baina, azken batean, guztiak batean zentra genitzake. Aspaldi honetan, eta duela urte gutxi batzuetatik hona, telebistan Bifidusak erremedio mirarigarritzat hartu dituzte, trantsitua hobetu eta puztuta sentiaraztearen sentsazioa kentzea egiten dutelako. Iragarkiek beti izan dute gezurra esaten dutelakoaren fama. Eta, normala denez, jogurt hauek dituzten efektuak ere askotan jarri dira zalantzan eta izan dira aztertuak. Zenbait esperimentu egin dira kontrakoa frogatzeko, horien artean Nathan P. McNulty ikerlariarena. (14)

Nathan P. McNulty ikerlariak eta bere taldeak Washingtoneko Unibertsitatean egindako ikerketaren ondoren “Science Translational Medicine” aldizkarian baieztatzen du Jogurt probiotikoen ingestioak ez duela inolako eraginik hesteetako floran, hau da, ez duela iragarkiak dioena betetzen. Beraiek esperimentua genetikoki manipulatutako saguetan eta biki batzuetan eraman zuten aurrera. Lau astetan zehar hartu zuten guztiek lactobacillus mota desberdinak eta flora mikrobiarra esperimentua baino lehenago, egiten zen bitartean eta beranduago aztertu ostean ez zuten inolako espezie aldaketarik topatu ezta mikroorganismoen aldaketa genetikorik ere. Hala ere, arratoietan esnekiek erreakzio metabolikoetan parte hartzen duten entzima batzuetan zeukan eragina, batez ere karbohidratoekin lotutakoekin. (14, 15, 16)

Horietako produktu bat “Activia” markako jogurtak dira.

Activia Danonek produzitutako jogurt probiotikoa da, 30 herrialde baino gehiagotan saltzen dena, zenbait zapore eta ehundura (erdi-solidoa edo likidoa) desberdinetakoa. Activiak Bifidobacterium animalis bakterio probiotikoa, B2 bitamina eta B12 bitamina ditu, kaltzioaz gain.

Aurretik azaldu dudan guztiagatik 2008an auzitara eraman zuten konpainia esanez iragarkietan ziurtatzen zuena benetan egia ez zela. Beraiek, erantzunetan publikoki argitaratu zuten produktuak izandako azterketa desberdinak. (17)

Eta, hori izango da lan honen helburua, hain zuzen, Bifidus horiek benetan horrenbesteko onurak dakartzaten edo ez frogatzea. Ea benetan hain mirarigarriak diren edota jogurt arrunt batek dituen bakterioek efektu bera duten.

Horretarako, pertsonetan egingo ditugu froga batzuk. Hamabost egunetan zehar hiru jogurt mota hartuko dituzte bai emakume zein gizonek. Zehatzagoak izateko, 14 emakume eta 6 gizonek, bifidusa daramaten produktuak bereziki emakumeen kontsumiziorako baitaude zuzenduta. Gainera, zenbait esperimenturen bidez ere gauza berdina frogatuko dugu. Alde batetik, esnearen, jogurt arruntaren eta Activia jogurtaren bakterioak haziko ditugu MRS hazkuntza ingurunean ; eta, bestetik, gernu eta ur zikinaren bakterioak haziko ditugu McConkey hazkuntza ingurunean. Agar nutritiboa konparaketa moduan erabiliko dugu. Azkenik, bi motatako bakterioak kokultiboan jarriz ikusiko dugu benetan batak bestea deuseztatzen duen, esaten den bezala, edo ez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina